martes, 7 de octubre de 2008

BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA MUSKIZEN




Bota eta jaso egiten du bertsolariak: pentsatu ahala bertsoa bota, eta bertsoa bota ahala pentsatu, ideiak ekarri. Behin bertsoa bota eta gero, entzulearen erantzuna jasotzen du txaloen bidez. Jaso eta bota egiten du entzuleak: bertsolariak botatakoa jaso eta txaloak bota.
BOTA lelopean hasiko da larunbatean, Mendexan, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako kanporaketa fasea. Aurreko txapelketetako egitura bera du aurtengoak ere; udaberrian, eskualdeetako txapelketak jokatu ziren, eta horietatik sailkatutako 28 bertsolari eta Igor Elorza eta Unai Iturriaga ariko dira kanporaketa fasean.
Kanporaketa fasean zein finalaurrekoetan saioko irabazleak ziurtatua izango du hurrengo faserako txartela. Gainontzeko guztiek puntuaketen arabera egingo dute aurrera.
Finalak egoitza berria izango du aurten. Azken txapelketetan Euskalduna txiki gelditu dela eta, BEC erakustazokan ariko dira finalerako sailkatutako zortzi bertsolariak. Finalean, lehen atalean puntuazio onena lortu duten biek egingo dute aurrera buruz buru, eta behin bi horien ariketa puntuagarriak amaituta, saio guztiko puntuak batuta, puntu gehien duenak irabaziko du.
Txapelketaren logoa biribilek osatzen dute. Biribil bakoitzak Bizkaiko bertsolari txapelketan beharrezko den eragile bat adierazi nahi du. Webgunea ere abian da, eta informazio eguneratua eta osatua izango da www.botasarean.biz webgunean.
Aurten Zeanurin, MUSKIZEN, Larrabetzun eta Zaldibarren izango dira kanporaketa faseko gainontzeko saioak. Gure herrian URRIAREN 25A ARRATSALDEKO 17:30ETAN, MEATZARI ARETOAN BERTSOLARI HAUEKIN ZITA DUGU: Oihana Bartra, Mikel Petuya, Jabier Olibares, Peru Vidal, Ander Salaberria eta Julen Erezuma.
MUSKIZTARROK, BERTSOZALEOK EUSKARAZ ZIPRIZTINTZEKO AUKERA APROBETXATU BEHARKO DUGU!!!! Animo eta guztiok meatzari aretora!!!!!

No hay comentarios:

Bisita Zenbatzailea