miércoles, 15 de abril de 2009

Gazte Martxa bukatuta herrietan borrokan jarraitzeko ordua dela adierazi dute


Barrenetik eskerrak ematen hasi behar dugu Gazte Martxa 09 honen osteko lehen ohar hau. Mila esker Amaiurko, Baigorriko, Lasako, Erratzuko eta Donibane Garaziko herriko etxeei eskaini diguten laguntzagatik eta bereziki herri horietako herritarrei, momenturik zailenetan euren etxeetako ateak ireki dizkigutenei eta behar dugun guztirako hor izan direnei. Salatu nahi dugu polizia frantziarra saiatu dela martxa oztopatzen auzapezak presionatuz baimenak eman ez zitzaten, eta zoriondu presio horiei aurre egin dioten ordezkariei.

Baina mezu nagusia gazteriari da, hemen batu diren milaka gazte borrokalariei. Berriz ere ikaragarrizko argazkia osatu dugu Euskal Herria herriaren nahiaren arabera marraztuz, inposizioari muzin eginez eta mugen gainetik orain 500 urte armen bidez ostu zigutena berreskuratzeko gure konpromisoa hartuz.

Barre eta negar egiteko arrazoi askoko martxa izan da hau: Izpegin gora elurpean osaturiko suge nahastua, Erratzuko gaizki ulertzeak, Baigorriren okupazioa, Lasako lokatz-akanpada... bide luzea, baina ederra eta kontrako eguraldiaren gainetik arrakastatsua oso!

Ekimen hau horren arrakastatsua izateak min handia egingo die askori, ez izan zalantzarik gaur goizeko bederatzitan Rubalcabak eta Alliot-Mariek mahai gainean zutela martxaren inguruko txostena; eta zer jarriko du? Euskal Herrian badela borrokara lotu den gazte belaunaldi berri bat eta alferrik dela gure aurka daramaten kolpearen dotrina. Herri honen neurriko gazteria batu gara gazte martxa honetan.

Orain, denok herrian indarrak berreskuratu eta erronka asko ditugu gure herrietan: bertan ditugu maiatzaren 1a eta maiatzaren 21eko greba orokorra; herrian bertan ditugu AHT geratzeko abiatutako borrokak, etxebizitza eskubidearen aldekoak, euskara berreskuratzekoak, patriarkatuari aurre egitekoak; ikastetxeetan hezkuntza sistema nazional baten alde egitekoak?

Borroka asko eta denak Independentziara bidean; orain gure lana da herri honetako gazteria Independentziara lotzea. Orain hasten da martxa, eta martxa honen helmuga herri honen askatasuna da. Gurea da garaipena!
INF + http://www.gaztesarea.net/info/berria.php?id=14343

No hay comentarios:

Bisita Zenbatzailea