sábado, 11 de abril de 2009

Heldu gara etxera!


Heldu gara etxera! apur bat argalago, bizirik eta lehertuak! Baina aldi berean indarrez lepo, emozioz gainezka, hodeitik lurreratzen.

Berriz barneratu gara geure herriko egunerokoan, berriz ere ingurura begiratu eta desherria, berriz basamortua. Izan ere 11 egun hauetan bizitakoaren islada zail dugu geurean bistaratzea. Eta niri oraindik kotxetik martxan jaitsi eta igotzeko gogoa etortzen zait.

Furgoneta izan da 11 egunez gure bizitzako ardatz. Fugoneta; gaua eta eguna, herrixkak eta hiriak. Bidea korrika.

Gogorra izan da, kilometro asko animatzen, gehiago korrika, hainbat gidatzen eta beste hainbeste generadorea kargatzen, aldatzen, jagoten. 14ordu furgonetan eta 14 atsedenean, batzutan gauez eta bestetan egunez. Taldekideak aurretik ezagutu ez arren, orain, betiko lagun iruditzen zaizkit. Esango nuke egun hauetan guztietan ez diodala behin ere erlojuari erreparatu, guztia lineal pasatu zait, konturatu gabe. Korrikaren dinamikan. Zirrara biziz igaro ditut egunak eta gauza askotaz ohartu naiz.

Denetan ikusi dugu korrika norbait, izan aste barruan edo asteburuan, izan egun edo gauez. Beti norbait korrika euskararen eta herri honen alde. Erriberako herrietatik Lapurdiko kostaldera. Guztietan! Eta ezin dut ukatu harritua gelditu naizela. Erriberako euskaltzaleen harrera, Lizarraldea… Ameskoak, edo Kanpezu, guztiak inguru erdaldunak eta gainezka. Haurrak ikusi ditugu korrika, langileak, nekazariak, Piriniotan orain gutxi euskara galdutako zaharrak, euskaldunak korrika eta erdaldun euskaltzaleak ere bai. Gipuzkoa eta Bizkaian jendetza trumilka eta Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberuan polito. Askotan gure txokotik ikusten ez dugun arren, galduak sentitzen garen arren, izugarrizko potentzialidadea dauka gure herriak, nola bideratu, nola eraginkor aktibatu liteke erronka.

Baina izan da harrera ezberdinik. Ikusi ditugu inguru erdaldunetan euskara tutik jakin gabe korrika ari ziren erdaldun euskaltzaleak. Ikusi dugu inguru euskaldunetan korrika eta erdaraz ari zen euskaldunik. Horientzat Ibilaldia eta kilometroak bezala, Korrika folklorismo bat gehiago ez ote den galdetu diot neure buruari. Hala ote?

Euskaldunok banatzen gaituen muga malapartatua ere gainditu genuen Korrika. Bidasoa gainetik aurrena, Lizuniaga kaskoan gero. Ileak puntan, malkoñoa isuri nuen bidasoara, gure oinekin muga erraustean. Zenbat aldiz igaro, zenbat aldiz hango lagunekin egon, zenbat txakur ta kontrol. Ez da mugarik geuretzako. Jendea gainezka eta guztiok euskaraz bizi nahi, guztiok herri izan nahi. Mugaz batera eta bestera Euskal Herria!

Artean aritu dira Korrikan ERE-en aurkako langileak, AHTren aurkakoak, mozorrotutako kuadrilak, atez ateko zabor bilketaren aldekoak, presoak, dantzariak, sindikatuak, eskoletako haurrak, jubilatu elkarteak, feministak… Ez baita euskara jendartean dagoen burbuja huts bat, euskaldun izan nahi dugu justiziazko beste mundu batean. Euskarak ematen digu mundu ikuskera propioa, berezia, geure geurea! Euskara dugu bihotza gainontzeko herri mugimenduak gorputza.

Korrika bera izugarrizko abentura dela iruditu zait, nolabaiteko lotura egiten du jendearen artean, herrien artean. Gure herri izaera era biztxi batez irudikatzen du. 11 egunez, gau ta egun beti lasterka, gelditu gabe, herriz herri. Izugarria da! Esango nuke munduan ez dela horrelakorik inon egiten. CNN, BBC, horrelako kate internazionalek erreportaiaren bat egitea bota dut faltan. Milaka lagun aritu dira arineketan, kirolari osoak eta hainbeste ez direnak. Seguru nago, munduko beste edozein lekutan egingo balitz animaleko oihartzuna izango lukeela ekimenak.

Eta amaitzeko gure meatzaldeaz zer esan… gu izugarri hunkitu ginen! Etxean ari ginen eta gaueko ordu txiitan jendetza!! Gu ere ari gara besteekin batera bide egiten balizko euskal herri euskaldun, berri eta justuagoruntz. Inguru arrotz eta gogorra den arren gu ere hemen sortuak gara, gure aukera: BIHOTZA, BURUA, ESKUAK, SENTITU, PENTSATU, EKIN! guztiok elkarrekin! Furgonetatik jaitsi gara, eta bagatoz etxera, lagunartera, jolasera, kalera, lanera. Meatzalde euskaldunera.
Besarkada bat furgonetero taldeari, benetan izugarria izan da!! Biba zuek!

Kimets

No hay comentarios:

Bisita Zenbatzailea